XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraingo honetan euskara batuari buruzko filosofiaz zenbait gogoketa eskaini nahi dizkizuet.

Euskara batuaren alde lehen urratsak eman zirenetik hamar urte luze iragan direnez, ongi etorriko zaigu, dudarik gabe, urte horietan egindako lana eta emandako pausuak aztertzea.

Une honetan, hortik zehar, baztarretan honetaz halako jakinmin bizia agiri zaigu.

Hala ikusi ahal izan nuen, direla astebete batzu, Bizkaiko euskaldun erritxo batetan, Abadinon hain zuzen, gai honi buruz izan nuen mintzaldiaren ondoko elkarrizketa bizi eta gogotsuan.

Poztasunez beterik utzi ninduten Abadinoarrak, elkarrizketa luze eta baketsu hartan euskaraganako agertu zidaten ardura bizia eta beren arteko jakin nahia ikustean!.

Hemen, ba, irakurle, kalean zehar, ahoz aho erabili ohi diren zenbait kezka plazaratuko dizkizut, nire ikuspuntuak azalduz, gure inguruan gertatzen diren jazoeren kezkak eta ardurak adieraztea beharrezkoa baitugu horrela arazoak pixkanaka konponduz, aurrera egiteko.

Asmorik zuzenenak eta garbienak bultzaturik, euskara batuaren inguruan sortu izan diren arazo nagusienak eskaintzera natorkizu, ba.

Bertan aurkituko duzu, nonbait, egiten ari den euskara batuari buruzko aipatutako filosofia.

1.- Euskara batua zer den

Nahiz eta, behar bada, batzuentzat kaikukeria edo izan, arazoa zatika eta sakonetik azalduz joateko, beharrezkoa iruditzen zait galdera hau egin eta erantzuna bilatzea.

Sortu ere, haseratik pausuak ongi ez emateak, sarritan sortu izaten ditu gerora alperreko ezdabaida antzuak.

Sarri esan ohi da, euskara batua, euskara kakaztua, erdaldundua eta ulertezina dela.

Edo eta norbaitzuk laborategian beren buru kaxkar txikietatik ateratako eta besteei indarrez ezarritako zerbait izanez, herriko euskaratik aldendua eta herri kutsurik gabea edo dela.

Eta hori denoi adierazteko, honek edo horrek erabilitako euskara batu konkretua edo eta hor-hemenka aurkitutako idazki eta paperen batzu eskaini ohi dira, inolazko oinarri sendorik gabe, alfabetatugabe batzuren lanak euskara batuaren eredutzat emanez.

Joko arriskugarria, benetan!.